Durangaldeko tokiko merkataritza «Ongi Etorri» kanpainaren hirugarren ediziorako prest

Abadiño, Berriz, Durango, Elorrio eta Iurretako merkataritza, ostalaritza eta zerbitzuen elkarteek bat egin dugu «Ongi Etorri» kanpainaren hirugarren edizioa martxan jartzeko.

Kanpainaren aurkezpena Berrizen egin dugu, parte hartzen duten herrietako elkarteetako, udaletako eta Mankomunitateko ordezkariekin batera.

Ateak irekitzen dituen kanpaina

«Ongi Etorri» leloak mezu simple eta zuzena du abiapuntu: herrietako establezimenduetara sartzera gonbidatzea, negozio bakoitzaren atzean dauden pertsonak ezagutzea eta Durangaldean eskaintzen den produktu eta zerbitzuen aniztasunari balioa ematea.

Bi edizioen ondoren, kanpainak bere lelo eta irudi grafiko ezagunari eutsiko dio. Irudi berari jarraipena emateak kanpainaren nortasuna sendotzen laguntzen du, eta herritarrek erraz identifikatzeko moduko ekimen bihurtu du dagoeneko.

Kanpainaren xehetasunak

Kanpaina irailaren 23tik (asteazkena) urriaren 8ra (osteguna) egongo da martxan. Epe horretan, parte hartzen duten establezimenduek kanpainaren irudia duen banderatxoa izango dute erakusleihoetan, herritarrek parte hartzen duten saltoki eta negozioak erraz identifikatu ditzaten. 

Kanpainaren barruan egindako erosketek 2.500 euroko saria lortzeko aukera emango dute. Irabazleak 24 ordutan gastatu beharko du saria, Durangaldeko bost herritan zehar, bakoitzean 500 € erabiliz.

Zozketan parte hartzeko, nahikoa da parte hartzen duten establezimenduetan erostea eta erosketa-tiketa (izen-abizenak eta telefonoa atzealdean jarriz) saltokietan dauden kutxetan sartzea edo kartelaren QR-a eskaneatzerakoan datuak betetzea.

Amesteko esperientzia bat

Kanpainaren aurreko bi edizioek erakutsi dute ekimenak herritarren interesa pizten duela eta tokiko establezimenduen artean harrera ona duela. Saria irabazteko aukerak, gainera, erosketa arrunt bat esperientzia berezi bihurtzen du. 

Lehen edizioko irabazlea Mª Asun izan zen, Iurretako Alimentación Rakel establezimenduan egindako erosketa bati esker. Bigarren edizioan, berriz, Beltzane izan zen 2.500 euroko saria eskuratu zuena, Durangoko Etartie Ekoizleen Denda establezimenduan egindako erosketarekin. 

Bi kasuetan, sariak Durangaldeko bost herrietako tokiko establezimenduak ezagutzeko aukera eman zien, zein izugarrizko esperientzia gisa gogoratzen dute. 

Hedapena eta elkarlana

Kanpaina zabaltzeko bideo bat ere egin dugu, sare sozialetako hedapena indartzeko eta publiko zabalarengana iristeko balio duena. 

Beste behin, «Ongi Etorri» Durangaldeko Elkarteen Foroan egindako elkarlanaren emaitza da. Honetan, eskualdeko elkarteetako ordezkariak biltzen gara, esperientziak partekatzeko, sektorearen beharrak identifikatzeko eta tokiko merkataritzaren aldeko ekimen bateratuak sustatzeko.

Halaber, parte hartzen duten herrietako udalen babesa dugu kanpaina honetarako, baita Eusko Jaurlaritzako Turismo, Merkataritza eta Kontsumo Sailaren lankidetza ere.

Harremana

Kanpainaren oinarri guztiak labur.eus/ongi-etorri-zozketa helbidean kontsultatu daitezke eta informazio gehiago nahi izanez gero, 94 681 81 42 / 688 738 102 telefonora deitu edo info@dendakbai.eus helbidera idatzi daiteke.