Durango Fashion Gaua 2021

2020 urteari salto egin ondoren, Durangaldeko Merkataritza eta Ostalaritza Elkarteak, Dendak Bai, ostiral honetan 20:30etan, irailaren 24an, Durango Fashion Gaua ekitaldiaren bosgarren edizioa ospatuko du Andra Mari elizaren arkupean, Durangoko Udalaren eta Eusko Jaurlaritzako Turismo, Merkataritza eta Kontsumo Sailaren babesarekin.

Durangoko 18 saltoki parte-hartzaileek udazken-negu denboraldi honetarako dituzten proposamenak aurkeztuko dituzte: adin eta estilo guztientzako arropa, oinetako eta osagarriak. Saltoki bakoitzak pase bat izango du, non bost look ezberdin erakutsiko dituzten, bai nagusienak bai umeenak.

Durango eta Durangaldeko auzokideak diren 60 modelo egongo dira guztira, 40 nagusi eta 20 ume. 18 urtetik gorako modeloak hile hasieran egindako kasting-era aurkeztu ziren eta umeen kasuan, aldiz, dendetakoak arduratu dira horiek aukeratzeaz. Ohitura den bezala, Yolanda Alzolak aurkeztuko du ekitaldia.

Desfilean zehar, L’Atelier dantza eta antzerki eskolak bi dantza erakustaldi eskainiko ditu, bat klasikoa eta bestea Dance estiloko dantza bat.

Ekitaldian zehar, 500€ zozketatuko dira guztira, 100€-ko bost deskontu txarteletan banatuta. Parte hartzeko, Durangoko saltokiek banatuko dituzten flyer-ak, irailaren 10 eta 24aren bitarteko erosketa ticket batekin batera, Dendak Bai bulegoan kokatutako kutxan sartu beharko dira.

Ekitaldia Covid-19arekiko prebentzio- eta higiene-neurriak hartuta egingo da. Hori dela eta, elizaren arkupera sarrera tarteka eta bi ilara ezberdinduz egingo da: batetik erreserba duten pertsonak (dendak, modeloak,…) eta bestetik, erreserba ez dutenentzat toki bat gordeko da.

Ekintza honen helburua herrian egiten diren erosketak bultzatzea da, Durangok duen eskaintza komertzial zabala erakutsiz eta herritarrak honen parte izatera animatuz.