16. Aukera Azoka

Martxoaren 5etik 7ra, ostiraletik igandera, Durangoko 16. Aukera Azoka ospatuko da Landako Gunean. Durangaldeko Merkatari Elkarteak, Dendak Bai, antolatzen du bere osotasunean, Eusko Jaurlaritzako Turismo, Merkataritza eta Kontsumo sailaren eta Durangoko Udalaren laguntzarekin.

Ordutegiari dagokionez, ostiral eta larunbatean azoka 10:00etatik 14:00etara eta 17:00etatik 21:00etara egongo da zabalik. Igandean, berriz, 11:00etatik 14:00etara eta 17:00etatik 19:00etara egongo da zabalik.

Edizio honetan Durangoko 18 establezimenduk hartuko dute parte, bi multzotan bereizita.

Azokaren ardatz nagusia beheratutako prezioekin denboraldi honetako eta beste batzuetako produktuak eskainiko dituzten stand-ak osatuko dute. Guztira mota askotako 15 saltoki izango dira: haurrentzako zein nagusientzako arropa, kirol dendak, oinetakoak, liburuak, besteak beste.

Aurten, azokak 3 stand gastronomiko izango ditu, eta oraingoan, eramateko produktuak baino ez dituzte eskainiko.

Aurreko urteetan bezala, sarrera doakoa izango da eta erosketak egiten dituztenek 2 ordu dohainik izango dituzte Landako Guneko aparkalekuan.