15. Aukera Azoka

Martxoaren 6tik 8ra, ostiraletik igandera, Durangoko 15. Aukera Azoka ospatuko da Landako Gunean. Durangaldeko Merkatari Elkarteak, Dendak Bai, antolatzen du bere osotasunean, Eusko Jaurlaritzako Turismo, Merkataritza eta Kontsumo sailaren eta Durangoko Udalaren laguntzarekin.

Ordutegiari dagokionez, ostiral eta larunbatean azoka 10:00etatik 14:00etara eta 17:00etatik 21:00etara egongo da zabalik. Igandean, berriz, 11:00etatik 14:00etara eta 17:00etatik 19:00etara egongo da zabalik.

Edizio honetan Durango eta Iurretako 28 establezimenduk hartuko dute parte, hiru multzotan bereizita.

Azokaren ardatz nagusia beheratutako prezioekin denboraldi honetako eta beste batzuetako produktuak eskainiko dituzten stand-ak osatuko dute. Guztira mota askotako 24 saltoki izango dira: haurrentzako zein nagusientzako arropa, kirol dendak, oinetakoak, etxerako tresnak, kotxeak, optika, besteak beste.

Aurten ere gune gastronomikoa egongo da, zeinek garrantzi handia izango duen. Hemen Baqué, Gozatu eta Saltsanek mota ezberdinetako gazi eta gozoak eskainiko dituzte. Gunean mahaiak eta aulkiak egongo dira, eta Cengotitak utzitako landareek gune honetako bisitariak kalean dagoen terraza batean egongo balira bezala sentiaraziko ditu.

Asteburu berean Durangon eta Iurretan ospatzen den Jango Dot pintxo lehiaketak ere bere lekua izango du ekitaldian. Saltsanek lehiaketara aurkeztuko duen pintxoa gune gastronomikoan eskainiko du eta lehiaketaren sari banaketa Landako Gunean izango da igandean 18:00etan.

Txikientzat aisialdirako gune bat egongo da. Nagusiak erosketak egiten dituzten bitartean edo gune gastronomikoan erlaxatzen diren bitartean, umeak txikipark-ean egon ahal izango dira monitoreen zaintzapean. Horrez gain, aurpegiak margotuko dira asteburu osoan zehar. Larunbatean, 13:00etan ipuin-kontalaria ingelesez Kids&Us akademiarekin.  

Bai azokan zein Durangoko saltokietan erosketak egiten dituztenen artean, 800 euro zozketatuko dira deskontu txarteletan. Horretarako, azokan ematen den txartela bete edo ekitaldiko publizitatea dutenak Durangoko saltoki bateko erosketa ticket batekin batera Landako Guneko sarreran kokatuko den kutxan sartu beharko dira. Ticket horren data 2020ko martxoaren 2tik 8ra bitartekoa izan beharko da. Zozketa Jango Dot lehiaketaren sari banaketan egingo da eta irabazleen izenak Dendak Bai Merkatari Elkartea Facebook orrialdean argitaratuko dira.

Aurreko urteetan bezala, sarrera doakoa izango da eta erosketak egiten dituztenek 2 ordu dohainik izango dituzte Landako Guneko aparkalekuan.